XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MITXEL - Hori, guzti hori, egia duk... DOMIKU - Ez diagu, beraz, espaiñarren bildur izan behar.

MITXEL - Eta lehengoari lotuz... Herorrek ikusi ahal dituk aipatutako komuneroak urkatzen?

DOMIKU - Bai, horixe. Herriko plazan urkatu baitzituzten, komuneroen aldekoak bildur-ikaretan jartzearren. Hura zen jendez urkatzeko garaian! Ikusleen begiek gorrotoa zerioten; ez ordea gizon bikain haienganako, Enperadorearen eta bere gizakume doillorrenganako baizik. Asko eta asko ziren negar egiten zutenak, Gaztela'ko libertadeak gordetzearren beren biziak hain gizonki ematen jakin zuten haien errukiz.

MITXEL - Mirestekoak dituk halako gizonak!

DOMIKU - Gizonok urkamendiruntz zeramazkitela, eta jendea gehiago sumintzearren, noski, pregoiak maltzurki oihu egiten zian: Hauxe da Jaun Erregek eta haren izenean bere agintepekoek egiten duten Zuzentza: traidoreak direnez, hillak izan bitez. Juan Bravo'k, ixiltasun ikaragarri baten erdian, honela erantzun zion pregoiari ozenki: Ez traidore garenez, herri-eskubidean zaintzaille leialak eta haren libertade-gudariak garenez baizik. Halaxe hil dituk Gaztela'ko libertadeen martiriak!